XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2 Erradioaktibitatearen aurkikuntza

1896. urtean Henry Becquerel zientzilari frantsesak, kajoi baten barruan eta paper beltzez estalita gordeta zeukan argazki plaka berria erabiltzera joan zenean, sorpresa ederra hartu zuen.

Argazki plaka belatua zegoen! Zergatik ote?

Ondoan zegoen uraniozko gatza baten lagina izan ote zen horren erantzule?

Erradioaktibitatea

Erradioaktibitatea kasualitatez izan zen aurkitua.

Becquerel-ek beste zerbaiten bila zebilela, honekin egin zuen topo lehen aipatutako gertaeran.

Dena 1885. urtean hasi zen, Rôèntgen fisikari alemaniarrak izpi katodikoen hodiarekin lanean zebilela, honen inguruan zegoen pantailan distira bat ikusi zuenean.

Hoditik zetorren erradiazioak sortzen zuen distira eta erradiazioa tartean zeuden gorputzak zeharkatzeko gai zen.

Oso sarkorra izateaz aparte, ez zuen karga elektrikorik eta hodiaren beiran sortzen zen.

Erradiazio ezezagun honi X izpi izena jarri zioten.

Hodian fluoreszentzia nabaritzen zenez, erradiazioa sortzen zenean, X izpien erantzuleak substantzia fluoreszenteak izango ote ziren pentsatu zuten.

Hala, Becquerel substantzia fluoreszente desberdinekin probatzen hasi zen, eta eguzki argitan eduki ondoren, paper beltzez estalitako plaka fotografikoen aurrean jarri zituen.

Erabili zituen substantzia fluoreszente guztien artean, uranioaren gatzak bakarrik ziren plaka fotografikoa belatzeko gai.

Harrigarriena lehen aipatutakoa izan zen; eguzkitan jarri gabe gatzek plaka berdin-berdin belatzen zutela ikustea.

Ez zen hau, beraz, substantzia fluoreszenteen propietatea.

Uranioaren beste konposatuekin (fluoreszenteak ez zirenak) probatu zuen, eta emaitza bera lortu zuen.

Erradiazio hori, beraz, uranioaren berezko propietatea zen.

Ez ziren, noski, X izpiak, uranioaren atomoetatik ateratzen zen erradiazioa baizik.

Erradioaktibitatea deitu zioten.


Horra hor paper beltzean bildutako plaka.

Uranio gatza gainean dago.

Eta hona hemen plaka inpresionaturik.

Hau ez da argiarengatik inpresionatu, gatzetatik igorritako erradiazio ikustezinagatik baizik.

Geroago ikusi zen efektu bera gertatzen zela uranioaren konposatu guztiekin.

Uranioaren atomoetatik sortzen zen erradiazioa sarkor honi erradioaktibitatea deitu zitzaion.

Pierre eta Marie Curie senar-emazteek beste bi elementu erradioaktibo ere aurkitu zituzten: polonioa eta radioa.